Giuliano da Sangallo

Giuliano da Sangallo

Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaFlorentzia, 1445 (egutegi gregorianoa)
HeriotzaFlorentzia, 1516 (egutegi gregorianoa) (70/71 urte)
Familia
AitaFrancesco Giamberti
Seme-alabak
ikusi
  • Francesco da Sangallo (en) Itzuli
Anai-arrebak
ikusi
  • Antonio da Sangallo the Elder (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Francione (en) Itzuli
Ikaslea(k)
ikusi
  • Domenico da Cortona (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa, military engineer (en) Itzuli eta eskultorea
Lantokia(k)Italia
Lan nabarmenak
ikusi
  • Villa Medici (en) Itzuli

Giuliano da Sangallo, benetako izena Giuliano Giamberti (Florentzia, 1445 – Florentzia, 1516) Pizkundeko italiar arkitekto, ingeniari militar, tailugile eta eskultorea izan zen. Antonio da Sangallo Zaharraren anaia eta Antonio da Sangallo Gaztearen osaba izan zen, eta Lorentzo Medici izan zuen babesle. Antzinako arkitekturaren azterketan aitzindaria eta Brunelleschiren jarraitzaile hoberena izan zen, XV. mendearen bigarren erdian.

Bizitza eta lanak

1445ean Florentzian jaio zen. 1465. urterako Erromara joana zen ikasketak amaitzera. Antzinako eraikuntzen marrazki bilduma ikusgarri bat osatu zuen han.

Poggio a Caianoko Villa Medicea.

Toscanan egin zituen bere lan nagusiak, eta Lorentzo Mediciren arkitekto gogokoena izan zen. Harentzat egin zituen, hain zuzen, arkitektura lan nagusiak, Poggio a Caianoko jauregia (Florentzia eta Pistoia artean), besteak beste. Jauregia arku galeria batez inguratutako soilaru baten gainean dago eraikia. Solairu hau zerbitzuarentzat zen bereziki. Jauregia ia guztiz karratua zen: eraikin nagusiaren erdian egongela bat zegoen, eraikina alderik alde zeharkatzen zuena eta bi solairu garai zena. Egongelaren aurretik zeuden lau atariek greziar gurutzearen irudia osatzen zuten. Sangallok simetria lortu nahi zuen, nola edo hala, eta, horretarako, tenplu klasiko baten frontisaren antzeko egitura arkupedun bat jarri zuen eraikinaren kanpoaldean. Goi Pizkundeko arkitekturaren harmonia geometrikoa aurreratzen zuen ezaugarri hark.

Diseinuaren argitasun hori bera Quattrocentoko azken jauregi handienetako batean ikus daiteke, Florentziako Strozzi jauregian, hain zuzen. Jauregi horretarako proiektu nagusia Sangallok egin zuen, baina eraikuntza lanetan zerikusi handia izan zuen Simone del Pollaiolok (Il Cronaca deitua). Bai jauregiaren oina (patio laukizuzen bat erdian duena), bai aurrealdeko bista, erabat erregularrak dira. Kanpoaldean erlaitz bat da osagai nagusia, eta harri biribilduak, berriz, txikitu egiten dira solairutik solairura. Klasizismo nabarmen hori bera antzeman daiteke patioan, non zutabe mota desberdinak elkartzen dituen: beheko solairuan, korintoar zutabeek puntu erdiko arkuak eusten dituzte; lehenengo solairuan, harrizko oinzerrenda baten gainean, harroinak daude; eta goiko solairuan, azkenik, balaustrada gainean ditu jarrita zutabeak.

Giuliano da Sangallok eraikin zibil (Florentziako Palazzo della Gherardesca, Savonako Palazzo Della Rovere, etab.) eta militar (Sarzana eta Poggio Imperialen) ugari egin bazituen ere, erlijiozko eraikuntzetan nabarmendu zen batez ere. Pratoko Santa Maria delle Carceri basilika XV. mendeko Florentziako arkitekturaren maisulantzat hartzen da. Eliza hura 1485ean hasi ziren eraikitzen Ama Birjinaren agerraldi bat ospatzeko. Greziar gurutzeko oinak balioa hartu zuen lan hartan, eta berezko indarra zuen osagai bihurtu zen, ez latindar gurutzearen eranskin soila. Eraikinaren erdi-erdian zegoen lauki nagusi baten inguruan lau lauki gangadun eta elkarren berdinak jarri zituen Sangallok.

Giuliano da Sangallo Quattrocento eta Cinquecentoaren arteko Toscanako arkitekturaren ardatz izan zela esan ohi da. Alde batetik, Brunelleschik hasi zuen lana goreneko mailara eraman zuen eta, bestetik, bere arkitektura klasizismoko maisuen ondo-ondoan dago, Bramante izan baitzen haren ordezko San Petri basilikan, eta Michelangelo Florentziako San Lorentzo basilikaren fatxadan.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/11/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giuliano da Sangallo Aldatu lotura Wikidatan
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q312365
  • Commonscat Multimedia: Giuliano da Sangallo / Q312365

  • Wd Datuak: Q312365
  • Commonscat Multimedia: Giuliano da Sangallo / Q312365