Tamasos

Tamasos
Tamasosen aurkituriko esfingea
Datuak
Estatu burujabe Zipre
Koordenatuak35°01′30″N 33°14′30″E / 35.025°N 33.2417°E / 35.025; 33.2417
Map
Historia
GaraiaAntzinaroa
KulturaZipretarrak

Tamasos (grezieraz: Ταμασσός) Zipreko antzinako hiria izan zen, egungo Politiko herritik hurbil zegoena, Nikosia hiriburutik 21 kilometro hego-mendebaldera[1].

K.a. 673. urtean Asarhaddon asiriar erregearen prisman Tamesi izenaz agertzen da[2] eta Odisea lanean Homerok aipaturiko Temese ere izan daitekeela pentsatzen da[3], izan ere garai hartan Zipreko kobre merkataritza gune handiena baitzen.

Geografia

Mesaoria ordokian kokaturik zegoen Troodos mendien oinean. Soli eta Termithus arteko errepideak zeharkatzen zuen hiria. Gaur egun Psimolofou, Episkopeio, Pera Orinis, Ergates, Politiko, Kampia, Analyontas eta Kapedes herriek okupatzen dute Tamasos hiriaren eremua,

Historia

Hiri estatuaren ekonomia metalen erauzketan oinarritzen zen, batez ere kobrearen erauzketan. Meategiak agortu zirenean ere iraun zuen ordea.

Sorrera

Zipreko gainerako hiri-estatuak ez bezela, ez da Tamasosen fundazio datarik ezagutzen. Hainbat nekazal herri baziren bertan eta kobre meategiak aurkitu zirenean elkartuz joan ziren hiri handi bat sortzeraino, K.a. VIII edo VII mendearen inguruan[1].

Indusketa arkeologikoek erakutsi dute Kalkolito garaian populaturik zegoela eta Brontze Aroan Kampia, Margi, Kotsiatis eta Mathiatis dentsitate handiko herriak zirela. Brotze Aero berantiarreko hilobiak eta brontzea prozesatzeko instalazioak aurkitu dira. Hiriaren aberastasunaren erakusgarri dira aurkituriko bi errege hilobiak ere.

Errege hilobia.

Antzinateko idazle handiek aipatzen dute Tamasos, adibidez Klaudio Ptolomeok eta Eztebe Bizantziokoak. Eztebek horrela deskribatzen du:

"Mesogeia ("lur barneko hiria") da eta kalitate bikaineko kobrea du. Itsas-porturik ez edukitzeagatik ez da Salamina edo Pafos bezainbesteko merkataritza garatu eta ez dauka kostaldeko hiriek duten kosmopolitasuna. Hiri industriala da bere meategi eta lantegiekin, eta nekazaritza eta abeltzaintza jarduera handiak ditu, izan ere eremu oso emankorrean baitago Zipreko ibai garrantzitsuenak aberasten baitu eskualdea, Pedieosek."

Feniziarrak eta greziarrak

K.a. IV. mendean Pasikypros erregeak Kitiongo feniziarrei 50 taleturen truke saldu ziela kontatzen da[1], eta diru horrekin bizitzako azken urteak Amathusen igaro zituela. Athenaeus-ek dio Alexando Handiak Salaminako errege Pnytagorasi eman ziola Tiro konkistatzen lagundu izanagatik.

Aro helenistikoan toki askotako greziarrak etorri ziren Tamasosera bizitzera eta hiriaren izaera eta egitura politikoa asko aldatu zen. Afroditaren tenplua eta beste hainbat eraikin altxatu ziren.

Gainbehera

Kristautasuna Europan zehar zabaldu zenean Tamasos geziar ortodoxoen diozesietako bat bihurtu zen[1]. Aurreneko bi apezpikuak oso garrantzitsuak izan ziren, San Heraklide[3] eta San Mnason. Barnabasen Ekintzak pseudoepigrafean ere aipatzen da Tamasos, bertan elkartu zirela Barnabas eta Heraklide esaten da[4].

K.o. X. mendean oraindik aipatzen da Zipreko hirien artean, baina ordurako meategiak agortuta zeuden eta ekonomia lur jota. Beranduago hainbat herrixka aipatzen dira Tamasos egondako eremuan, aipagarrienak Politiko eta Episkopeio. Gaur egun dauden herrien izenek erakusten dute Tamasosen hedadura, "Politiko" hiriaren erdigunea, "Episkopeio" apezpikutza zegoen egoitza, "Ergates" meatzarien gurea, "Pera Orinis" kanpoaldeko mendialdea...[3]

Arkeologia

1970 eta 1990 artean hainbat indusketa egin ziren eta aurkituriko objetuak garai arkaikoan, klasikoan eta helenistikoan kokatzen dira.

Aro arkaikoa

Aro arkaikoko harresiak eta kobrea prozesatzeko lantegiak azaleratu dira. Buztinezko eta harrizko estatuak aurkitu dira, bai eta ontziak, intzentzu-ontziak eta oliozko lanparak ere. Afroditaren tenpluaren inguruan kareharrizko aldarea aurkitu zen eta alboan Kiveli (Jainkoen ama) jainkosaren omenezko tenploa ere. Tamasosen inguruan hainbat santutegi izan zirela uste da, hori iradokitzen du aurkituriko Apoloren brontzezko estatuak.

Duela gutxi kareharrizko sei estatuatxo azaldu dira, bi esfinge eta lau lehoi, K.a. VI. mendekoak, Ptolomearrek Zipren agintzen zuten garaikoak[5].

Nekropolisa eta hilobiak

Afroditaren tenpluaren ipar-ekialdean kokaturik dago nekropolisa. Hiru hilerrik osatzen dute, lehena Brontze Arokoa, bigarrena garai arkaikoan datatua eta hirugarrena helenistikoa eta erromatar garaikoa.

Iruditegia

  • Errege hilobia.
    Errege hilobia.
  • Apoloren burua.
    Apoloren burua.
  • Esfingeak eta lehoiak.
    Esfingeak eta lehoiak.
  • Zalduna.
    Zalduna.
  • Terrakotazko zaldi burua.
    Terrakotazko zaldi burua.

Erreferentziak

  1. a b c d «Department of Antiquities - Archaeological Sites» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  2. Maria Iacovou. (2008). Cyprus: from migration to Hellenization". In Gocha R. Tsetskhladze (ed.). Greek Colonisation: An Account of Greek Colonies and Other Settlements Overseas. 2. Brill, 261 or. ISBN 978-90-04-15576-3..
  3. a b c «CATHOLIC ENCYCLOPEDIA: Tamassus (Cyprus)» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  4. M. Bonnet. (1903). Acta Barnabae, 17, in Acta apostolorum apocrypha. Leipzig, Hermann Mendelssohn, 298 or..
  5. «Rare Cypriot Sculptures - Archaeology Magazine Archive» archive.archaeology.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1720688
  • Commonscat Multimedia: Tamassos / Q1720688

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 315167357
  • BNF: 12479255k (data)
  • GND: 4433226-9
  • Lekuak
  • Atlas Digital del Imperio Romano: 21573
  • Ondare historikoa
  • Heritage Gazetteer for Cyprus: hu/27/
  • Wd Datuak: Q1720688
  • Commonscat Multimedia: Tamassos / Q1720688